dcsimg

Igaraba arrunt ( Basque )

provided by wikipedia EU
Artikulu hau igaraba arruntari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Igaraba».

Igaraba edo utxakurra (Lutra lutra L.) mustelidoen familiako ugaztuna da. Hainbat igaraba mota daude Europan zein Asian. Mustelidoen artean, handienetakoa eta deigarrienetakoa da. Haren berezitasuna inguruarekiko duen moldaera itzelean datza eta moldaera hori dela medio, urarekiko eta horren baldintza jakin batzuekiko erabat menpeko da. Azken urteetan, Euskal Herrian nahiz beste leku askotan, izugarri eraldatu zaio habitata, giza-jarduerak direla kausa (ibaien kanalizazioa, ur-obrak, erriberako landarediaren suntsipena…). Horregatik, eta haren larruaren balio altuagatik jasandako jazarpenaren ondorioz halaber, leku askotan galdu da eta beste askotan erabat murriztuta geratu da.

Ezaugarriak

Otter in Southwold.jpg

Gorputz luzanga du eta gorputz-adarrak motzak eta sendoak proportzioan. Burua zabala eta zapala du, lepoa ez du bereizia, eta muturra biribildua eta ukimenarekiko sentikorrak diren bibrisa ugariz hornitua (muturrean, ahoan eta barailan); horiek begietan eta besaurreetan ere ageri dira. Belarri oso txikiak ditu, ile azpian ia ezkutatuak. Buztana zabala eta zapaldua da oinarrian eta zorrotz samarra muturrean. Oinazpi biluziak ditu. Bost hatzak mintz interdigital batez elkartuak ditu aurreko eta atzeko oinetan[1].

Ilea oso motza, konpaktua, kolore lustreduna du ilaun trinko eta motza ezkutatuz. Kolorea arrea edo kanela kolorekoa du, grisera pasatuz azpialdean, eta argiagoa, ia zuria, papar aldean. Kumeen ilajea helduena baino ilunagoa da[1].

Muturretik buztanaren puntaraino, arra 99,4-124 cm luze da eta emea, 94,9-116 cm. Pisua berriz, 6,1-9,4 kg arrak eta 4,4-6,1 kg emeak[1].

Banaketa

Banaketa Paleartikoa duen espeziea, Afrika iparraldea eta eskualde Indo-Malaysiarraren zati bat barne. XX. mende erdira arte Iberiar penintsula osoan agertzen zen baina 1950etik aurrera, egundoko beherakada jasan zuen, bereziki inguru populatuenetan[2].

1980ko hamarkadaren amaieran, populazioaren gorakada nabaritzen hasi zen, gaur egun arte mantendua, hiri handietatik pasatzen diren ibai askotan igarabak aurkitzeak frogatzen duenez, bai Espainian, bai Euskal Herrian. Edonola ere, ugariagoa da Iberiar penintsularen mendebaldean (habitata jarraiagoa baitu) ekialdean baino eta, oro har, hiriak eta gizakiak asko populaturiko inguruak baztertzen ditu[3].

Igabara arrunta Euskal Herrian

Igabara arrunta egon badago Euskal Herrian, nahiz eta azken hamarkadetan kopurua txikia izan eta oso murriztua, bereziki 1970eko hamarkadatik aurrera. Populaziorik handienak Nafarroa Garaian daude. Oso datu gutxi dago Euskal Herriko populazioez, baina jakin jakiten da oso txikiak direla. Bizkaian ez dago[4]; Araban, Bayas eta Zadorra ibaietan aurki daiteke; Nafarroan, Aragoi eta Ega ibaietan[5]; eta Gipuzkoan, aldiz, Bidasoa ibaian soilik[6].

Habitata

 src=
Arrastoa ibai ertzean

Igaraba ekosistema urtarretako espeziea da eta kostatik goi-mendietaraino banatzen da. Habitat naturalen artean, ibaiak, arroak, aintzirak, padurak eta uraren presentziadun ia edozein leku erabiltzen ditu. Horren ondorioz, urtegietan ere ageri da, baita ubideetan, putzuetan, golf-zelaietako lakuetan eta beste ingurune artifizial askotan ere. Urtegiak eta ibai eta arroak konbinatzen ditu, lehenengoan janaria eskuratzeko eta besteetan, ezkutalekua. Haren habitat-hautaketari buruzko ikerketek faktore garrantzitsuenak elikagaien eskuragarritasuna (horretarako uraren presentzia) eta ezkutalekuen presentzia direla esaten dute. Landarediaren presentzia ez da beharrezkoa ezkutaleku askoko inguruetan edo harrapakinen presentzia mugatzen ez duenean; bestalde, ezkutaleku gutxiko ingurunetan landaredi-estaldura sarria izatea oso garrantzitsua da harentzat. Inguru itsastarretan, berriz, beharrezkoa izango da ibai edo arroren baten bokalearen presentzia, gesala gorputzetik kentzeko (Ruiz-Olmo, 2007).

Igaraba inoiz goi-mendietan bizi da baina arraroa da 1500-1800 m-tik gora bizitzen eta 800-1000 m-tik gora ugaltzen aurkitzea. Kumeak beren kabuz ibiltzeko gai direnean eta gorago elikagaiak eskuragarriago badira egingo dute ugaltzeko mugatik gora. Altitude handietan, igarabaren presentzia azaltzen duten faktoreak ondorengoak dira: elikagai ugari egotea, uretara sartzea eragozten duen izotzik ez egotea eta oztopo handiak ez egotea (ur-jauziak, presak arroiletan...) (Ruiz-Olmo, 2007). Igarabak gehiago agertzen dira altitude horietan anfibioak ugaltzen diren garaian[7].

Elikadura

Igaraba bereziki arrainjalea da, baina inguru mediterraneoan karramarro, anfibio eta narrasti kopuru esanguratsua jan ohi du; batzuetan, aurrekorik ez badu, intsektuak, hegaztiak edo ugaztunak ere jan ditzake[8].

Ugalketa eta ontogenia

Igaraba urteko edozein momentutan ugal daiteke, eta zikloa bere harrapakinak ugari diren garaietara egokitzen du. Kumaldia galduz gero berriz ugaltzen saiatzen da. Ernaldiak bi hilabete iraun ohi du eta 1 - 5 kume izan ditzake kumaldiko, baina normalean 1 - 2 izaten dira. Habitataren kalitateak paper garrantzitsua jokatzen du kumeen biziraupenean: baldintza normaletan oso altua da, dispertsio adina arte (Ruiz-Olmo, 2007).

Ernaldiak bi hilabete irauten du, gero bizpahiru hilabete egoten dira ezkutalekuan eta beste 8 - 12 hilabete amarekin, hau da, dispertsioan hasten diren momentua arte. Gehienez, 12 - 14 urtera heltzen dira (Ruiz-Olmo, 2007).

Bizimodua

Igaraba arrunta garbiketa egiten

Normalean, ilunabarrekoa edo gautarra bada ere, zenbait lekutan jarduera nahiko egunekoa izaten du. Arrak nahiko lurraldekoiak dira eta eme bat edo gehiagoko lurrak zaintzen dituzte; kilometro ugari ibiltzen dira ibaian zehar (Jiménez, 2005). Dispertsio-adinaren atariko kumeak dituzten emeek janari eta ezkutaleku ugariko inguru lasaiak bilatzen dituzte eta asko murrizten dira bizi-eremuak kasu horietan[9].

Araldian eta emeak kumeak dituztenean izan ezik, espezie bakartia da. Ezkutaleku asko erabili ohi dituzte (haitzak, landaredia, sasiak, zuhaitzen sustrai eta zurtoinak...), askotan egunean bat, kumatzen ari direnean salbu[10].

Lurraldea gorotzen bidez markatzen dute, baina lurraldea bainoago, darabiltzaten errekurtsoak markatzen dituztela proposatzen dute batzuek (Kruuk, 1995).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Beste espezieekiko lehia oso urria da eta badirudi amerikar bisoia (Mustela vison) galtzen ateratzen dela igarabarekin topatzean. Harrapari nagusiak zakurra eta hontz handia (Bubo bubo) ditu, bereziki lehenengoa, baina arrano handiek eta otsoak (Canis lupus) ere ehizatzen dute tarteka (bereziki kumeak) (Ruiz-Olmo, 2007).

Erreferentziak

  1. a b c Ruiz-Olmo, 2007
  2. Blas Aritio, 1970
  3. Ruiz-Olmo eta Delibes, 1998
  4. Hernando et al, 2004
  5. Elosegi, 1999
  6. Estonba, 1993
  7. Lizana eta Perez-Mellado, 1990
  8. Jiménez, 2005
  9. Ruiz-Olmo et al, 2005
  10. Jiménez, 2005

Kanpoko loturak

(RLQ=window.RLQ||[]).push(function(){mw.log.warn("Gadget "ErrefAurrebista" was not loaded. Please migrate it to use ResourceLoader. See u003Chttps://eu.wikipedia.org/wiki/Berezi:Gadgetaku003E.");});
license
cc-by-sa-3.0
copyright
Wikipediako egileak eta editoreak
original
visit source
partner site
wikipedia EU

Igaraba arrunt: Brief Summary ( Basque )

provided by wikipedia EU
Artikulu hau igaraba arruntari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Igaraba».

Igaraba edo utxakurra (Lutra lutra L.) mustelidoen familiako ugaztuna da. Hainbat igaraba mota daude Europan zein Asian. Mustelidoen artean, handienetakoa eta deigarrienetakoa da. Haren berezitasuna inguruarekiko duen moldaera itzelean datza eta moldaera hori dela medio, urarekiko eta horren baldintza jakin batzuekiko erabat menpeko da. Azken urteetan, Euskal Herrian nahiz beste leku askotan, izugarri eraldatu zaio habitata, giza-jarduerak direla kausa (ibaien kanalizazioa, ur-obrak, erriberako landarediaren suntsipena…). Horregatik, eta haren larruaren balio altuagatik jasandako jazarpenaren ondorioz halaber, leku askotan galdu da eta beste askotan erabat murriztuta geratu da.

license
cc-by-sa-3.0
copyright
Wikipediako egileak eta editoreak
original
visit source
partner site
wikipedia EU