Anelidoak (frantsesez: annelés, "eraztuna dutenak") animalia filum nagusi bat dira[1]. Ornogabeen tipo honetan sartzen dira harrak, lur zizareak eta izainak. Zizareak hezetasun puntu bat duten lurretan bizi dira, eta izainak, berriz, uretan[2]. Animali hauen gorputza zilindrikoa eta luzea da, metamero izeneko eraztunetan edo segmentuetan zatituta dago, nola kanpotik hala barrutik. Segmentu horietako bakoitzean hainbat organo errepikatzen dira, hala nola, digestio eta iraitz-hodiak, nerbioak eta hainbat odol-hodi[3]. Animaliaren aurreko zatian ahoa egoten da eta atzean berriz uzkia.
Anelidoak azalaren bidez hartzen dute arnasa, eta azalak beti heze egon behar du gas elkartrukea gerta dadin. Lurrarekin nahastuta dauden partikula organikoak jaten dituzte zizareek; izainen mantenugaia, berri, odola da; hori dela eta, animalia ornodunen behin behineko parasitoak dira[4].
Anelido espezie batzuek sexu banatuak dituzte, hau da, batzuk arrak dira eta besteak emeak; espezie batzuk, ordea, hala nola lur-zizareak, hermafroditak dira, hau da, banako berak zelula sexual maskulino eta femenino produzitzen ditu, baina inoiz ere ez aldi berean; horregatik, beste zizare batekin gurutzatzen direnean, batzuetan arrak bezala jokatzen dute eta besteetan emeak bezala[5].
Anelido txikienak poliketo interstizialak dira, milimetro-hamarren batzuetakoak; handienek 3 m-ko luzera eduki dezakete, adibidez, Hego hemisferioko lur-zizare batzuek eta hainbat poliketo itsastarrek. Ingurune guztiak kolonizatu dituzte arrakastaz, bereziki habitat itsastarrak. Espezie gehienak bizimodu askekoak dira, baina badaude hainbat espezie bizkarroi, mutualista eta komentsal ere[6].
Anelidoak animalia metamerikoak dira, eta, izatez, gorputz segmentatua da beren ezaugarri nagusia. Segmentu guztiak elkarren antzekoak direnez, metameria homonomoa dute. Kanpoaldetik, metameria edo segmentazioa eraztunetan edo lakain zirkularretan islatzen da. Gorputzeko segmentuen aurrean, burua bereizten da, prostomio eta peristomio izeneko atalez osatua, eta, atzealdean, pigidioa. Barne-organoek ere paraera metamerikoa dute, eta segmentuak zeharkako hormen edo trenkaden bidez bereizita daude. Bestetik, animalia zelomatuak dira, eta bilateralki simetrikoak[6].
Aipaturikoez gainera, anelidoek badauzkate bestelako berezitasun batzuk: digestio-hodia osoa da, eta hainbat alde diferentziaturik ditu; zirkulazio-aparatua itxia da, eta gerta daiteke arnas pigmentuak edukitzea; ondo garatutako eskailera-itxurako nerbio-sistema dute, gongoil zerebroide dortsalak eta nerbio-kordoi gongoildun bentralak osatua; eskreziorako metanefridioak dituzte espezie gehienek; gasen trukea, tegumentuan, brankia edo podioetako zabalguneetan gertatzen da. Bestetik, eta kanpo-morfologiari dagokiola, aipatu behar da gorputz-hormatik luzatzen diren hari-itxurako kitinazko zetak dituztela anelidoek (hirudineoek izan ezik), segmentuetan pareka kokatuta[6].
Ugalketa eta bizi-zikloari dagokiela, bi eredu beha daitezke anelidoen artean: batetik, poliketoena, eta, bestetik, oligoketo eta hirudineoena. Bi eredu horiekin erlazionaturik, aipatzekoa da azken bi talde horiek batera sailkatu dituztela aditu batzuek, hots, klitelatuen taldean; horretarako, oligoketoek eta hirudineoek dituzten hainbat antzekotasun morfologiko eta biologiko hartu dituzte kontuan, poliketoen taldetik bereizten dituztenak, alegia. Ugalketa eta bizi-ziklora bueltatuz, poliketo gehienak sexuz bereiziak dira, ugaltze-egiturak nahiko sinpleak eta iragankorrak dituzte, eta bizi-zikloan zehar trokofora deritzon larba primarioa agertzen da. Ostera, bai oligoketoak eta bai hirudineoak ere, hermafroditikoak dira, eta oso ugaltze-egitura konplexuak dituzte, iraunkorrak direnak. Horretaz gain, bizi-ziklo zuzena dute, hau da, larbarik gabe, eta gazteak zibot baten barruan garatzen dira. Zibota eratzeko, lur-zizareek eta izainek duten klitelo izeneko egitura tipikoak hartzen du parte[6].
Anelidoak (frantsesez: annelés, "eraztuna dutenak") animalia filum nagusi bat dira. Ornogabeen tipo honetan sartzen dira harrak, lur zizareak eta izainak. Zizareak hezetasun puntu bat duten lurretan bizi dira, eta izainak, berriz, uretan. Animali hauen gorputza zilindrikoa eta luzea da, metamero izeneko eraztunetan edo segmentuetan zatituta dago, nola kanpotik hala barrutik. Segmentu horietako bakoitzean hainbat organo errepikatzen dira, hala nola, digestio eta iraitz-hodiak, nerbioak eta hainbat odol-hodi. Animaliaren aurreko zatian ahoa egoten da eta atzean berriz uzkia.
Anelidoak azalaren bidez hartzen dute arnasa, eta azalak beti heze egon behar du gas elkartrukea gerta dadin. Lurrarekin nahastuta dauden partikula organikoak jaten dituzte zizareek; izainen mantenugaia, berri, odola da; hori dela eta, animalia ornodunen behin behineko parasitoak dira.
Anelido espezie batzuek sexu banatuak dituzte, hau da, batzuk arrak dira eta besteak emeak; espezie batzuk, ordea, hala nola lur-zizareak, hermafroditak dira, hau da, banako berak zelula sexual maskulino eta femenino produzitzen ditu, baina inoiz ere ez aldi berean; horregatik, beste zizare batekin gurutzatzen direnean, batzuetan arrak bezala jokatzen dute eta besteetan emeak bezala.