Alpetar belarrihandia (Plecotus macrobullaris) Vespertilionidae familiako saguzarra da, Europan bizi dena. 1965ean topaturiko espezie hau, bere izenak kontrakoa esaten baduen ere, ez da bakarrik Alpeetan bizi, beste hainbat lekutan baita ere, tartean Euskal Herrian[1]. Mendiguneetan ingurune irekietan ehizatzen du, belardi eta larre alpetarretan. Sitsek osatzen dute espezie honen dietaren oinarria, eta Noctuidae familiako espezieak dira harrapakin nagusiak.
Belarrihandi alpetarra Europako saguzarrik bitxienetariko bat da, mendikate nagusietan besterik ezin baitaiteke topatu. 2003an esleitu zitzaion espezie kategoria[2], antzekotasun morfologiko handia duten bi espezie generokidetatik bereizi zenean, Plecotus auritus eta Plecotus austriacus-etik, hain zuzen. Duela gutxi ezagutu zenez, espezieari buruzko informazioa urria da, baina espezie bitxi hau gero eta hobeto ezagutzen dugu urteek aurrera egin ahala.
Europako gainerako Plecotus espezieen oso antzekoa da morfologikoki, belarri eta trago luzeekin. Aurpegiko bereizgarri nagusia triangelu formako kokotseko kuxina da. Azpiko ezpainaren behealdean alderantzikatutako triangelu formako kuxina du, zenbait kasutan pigmentazio iluna izaten duena; gazteetan batez ere. Gainerako Plecotus-etan kuxin honen forma ez da triangeluarra izaten, biribildua baizik.
Ilajeari dagokionez, sabelaldea zuri-zuria izan ohi du, nahiz eta ileen alde proximala beltza den. Hau da, ileak banatuz ger, ileen behealdea iluna dela ikus daiteke. Ilajea gainerako belarrihandiena baino dentsoagoa eta luzeagoa da, eta kolore aldetik P. austriacus-en antz handiagoa du P. auritus-ena baino
Gainerako belarrihandien antzeko ekokokapen-deiak erabiltzen ditu, frekuentzia modulatukoak, eta bi harmonikodunak (Dietz et al. 2009). Ekokokapen-deien intentsitatea oso baxua da, gainerako belarrihandietan gertatzen den bezala. Belarrihandi alpetarraren ekokokapen-deiek belarrihandi grisarenaren antz handia dute, antzeko inguruneetan eta antzeko animaliak ehizatzearen erakusle[3].
Europako eta Asia mendebaldeko mendiguneetan eta haien inguruan bakarrik ezagutzen da espezie hau: Pirinioak, Alpeak, Dinariar Alpeak, Balkanak, Turkiako mendiak, Siriako mendiak, Kaukaso eta Kurdistango mendiak dira espeziearen bizilekuak (IUCNren Zerrenda Gorria). Itsas mailatik (Kroazian) 2800 metroko altueraraino (Pirinioetan) aurkitu da[4][5], eta azken mendikate honetan ez da 1300 metrotik behera aurkitu.
Euskal Herrian Pirinioetako mendirik altuenetan bakarrik ezagutzen da, Larra-Belagua inguruko karstean, alegia.
Ingurune irekietan ehizatzen duen animalia da, eta mendi inguruetako larreak erabiltzen ditu, bai goi-mendietakoak zein baso artean altuera baxuagoan aurki daitezkeenak. Harkaiztiak moduko landaredia gutxiko eremuetan ere ehizatzen du.
Goi-mendietako erregina da espezie hau, Pirinioetan batez ere, baso-mugatik gora aurki daitekeen saguzar-espezierik ugariena baita.
Gainerako Plecotus-en kasuan bezala, sitsak dira espezie honen dietaren osagai nagusia. Noctuidae familiako lepidoptero gautarrek dietaren ia %95 osatzen dute, eta sitsak ez diren gainerako intsektuen presentzia oso baxua da. Pirinioetan kontsumitzen dituen espezie nagusiak Agrotis clavis, Apamea zeta eta Autographa gamma dira[6].
Ehizatzeko 5 km baino gehiago mugi daiteke eguneko gordelekutik, gainerako Plecotus saguzarrek baino mugimendu luzeagoak egiteko gai da, beraz[7].
Emeek udaberriaren amaieran edo udaren hasieran sortzen dituzte kumatze-koloniak eta badirudi irailera arte-edo elkarturik mantentzen direla eme helduak eta urteko gazteak.
Ezer gutxi ezagutzen da espezie honen ugalketaren inguruan. Bitxikeria gisa, ez da sekula swarming leku batean aurkitu; hau da, ez da gainerako saguzar espezie gehienekin batera biltzen udazkenean kobazulo gutxi batzuetan bertan parekatzeko.
Europan ezagutzen diren espezie honen gordeleku gehienak eraikin zaharretan daude: etxe zaharrak, elizak eta txabolak[8]. Dena den, espezie honetako animaliak ez dira sabaitik eskegitzen; aitzitik, harrien eta egurrezko oholen arteko arrakaletan egon ohi dira gordeta. Ondorioz, ez da erraza izaten espezie honen presentziaz jabetzea. Kobazuloetan ere aurkitu izan da.
Mendi-inguruneetan Noctuidae familiako sitsak dira bere elikaduraren oinarria, beraz litekeena da horien populazioetan eragin nabarmena izatea. Ez da espezie honen harraparirik ezagutzen.
Eraikinetan Plecotus auritus eta Rhinolophus ferrumequinum espezieekin batera aurkitu izan da.
IUCN erakundearen arabera, espezie honen kontserbazio-egoera ona da.
Alpetar belarrihandia (Plecotus macrobullaris) Vespertilionidae familiako saguzarra da, Europan bizi dena. 1965ean topaturiko espezie hau, bere izenak kontrakoa esaten baduen ere, ez da bakarrik Alpeetan bizi, beste hainbat lekutan baita ere, tartean Euskal Herrian. Mendiguneetan ingurune irekietan ehizatzen du, belardi eta larre alpetarretan. Sitsek osatzen dute espezie honen dietaren oinarria, eta Noctuidae familiako espezieak dira harrapakin nagusiak.
Belarrihandi alpetarra Europako saguzarrik bitxienetariko bat da, mendikate nagusietan besterik ezin baitaiteke topatu. 2003an esleitu zitzaion espezie kategoria, antzekotasun morfologiko handia duten bi espezie generokidetatik bereizi zenean, Plecotus auritus eta Plecotus austriacus-etik, hain zuzen. Duela gutxi ezagutu zenez, espezieari buruzko informazioa urria da, baina espezie bitxi hau gero eta hobeto ezagutzen dugu urteek aurrera egin ahala.