dcsimg
Image de Halobacteriaceae
Life »

Archées

Archaea

Arkeobakterio ( basque )

fourni par wikipedia EU

Arkeobakterioak edo Archaea mikrobio zelulabakarrak dira. Prokariotoak dira, bakterioen antzera. Hala ere, bakterioekin alderatuta desberdintasun handiak dauzkate, batik bat maila genetikoan. Izan ere, genetikoki arkeobakterioak hurbilago daude eukariotoengandik bakterioengandik baino.

Historia

1990 urtera arte arkeobakterioak beste bakterioekin batera sailkatzen ziren. Urte hartan, baina, mikrobiologoek beste Domeinu bat sortu zuten talde honentzat. Gaur egun, beraz, bizidun guztiak hiru domeinutan sailkatzen dira: Arkeobakterioak, Bakterioak eta Eukariotoak. Lehenengo biek Prokariotoa eremua osatzen dute.

Arkeobakterioak eta Eubakterioak (azken hauek, bakterio izenarekin deituak) Moneroen erreinuan sailkatzen ziren 1990 arte. Biak organismo prokariotoak direnez, ontzat jo da urte askotan sailkapen hori. Arkeobakterioak maila molekularrean hobeto ezagutzen direnetik banandu egin dira bakterioengandik, talde propio bat sortuz.

Ezaugarriak

 src=
Arkeobakterioak gune termaletan aurkitu zituzten lehenengoz

Mikroskopio optikoan aztertuta arkeobakterioek antz handia dute bakterioekin, ezin dira bereizi. Morfologia zein itxuraren aldetik ia berdinak dira. Maila genetikoan eta biokimikoan, ordea, alde handia dago talde batetik bestera [1]

Egiturari dagokionez bakterio eta arkeobakterioen arteko alderik handiena zelula horman eta zelula mintzaren osaketan dago. Zelula hormak, esaterako, arkeobakterioetan ez du mureina, pseudomureina izeneko molekula baizik. Zelula mintzean arkeobakterioek eter lipidikoak dituzte, eta gantz-azido eduki beharrean (glizerinari ester loturaren bidez lotzen direnak) lipido bereziak dituzte, eter loturaren bidez glizerinari lotzen direnak [2]. Bestalde, gai genetikoak eta oro har prozesu genetikoek eukariotoen zenbait ezaugarri izaten dituzte. Bizimoduaren aldetik arkeobakterio batzuk metanogenoak dira (behien digestio-aparatuan sortzen den metanoa arkeobakterioek ekoizten dute), eta asko muturreko baldintzak jasateko gai dira: asko anaerobioak, termofiloak edota halofiloak dira. Ezaugarri hauengatik hasieran pentsatu zen arkeobakterioak prokarioto primitiboenak izango zirela (izan ere honetatik dator izena). Hala ere azken urteotan zientzialariak konturatu dira uste baino askoz hedatuta daudela: eubakterioek okupatzen dituzten leku arruntetan ere hasi dira aurkitzen. Ozeanoan esaterako, arkeobakterio asko aurkitu egin dira, eta badakigu plaktonen ohiko mikroorganismoak direla ere. Posible da beraz, datorren urteotako aurkikuntzek mundu prokariotoari buruz dugun ikuspegia zeharo aldatzea. Izan ere ikerlari askoren ustez ezagutzen diren bakterio-motak batez ere laborategian kultiba daitezkeenak dira, baina azken estimazioen arabera bakterio horiek espezie prokariotiko guztietatik % 1 besterik ez litzateke izango.

Era berean, ezagutzen diren arkeobakterio asko ezin izan dira laborategian kultibatu, ez da orain arte mikrobio hauen kultura pururik lortu. Beren azido nukleikoen analisiaren bidez antzeman dira arkeobakterio gehienak.

 src=
Arkeobakterio batzuk ingurugiro oso latzetan bizi daitezke

Ekologiaren aldetik hainbat arkeobakterio muturreko habitatetan bizi dira; habitat oso latzak dira, gainontzeko bizidunek onartzen ez dituztenak: ur beroaren iturrietan (80º C-ko tenperaturetan), itsaso edo laku oso gazietan (gatzaren kontzentrazioa: %10-ekoa), ingurugiro oso anaerobioetan (zingira eta paduren hondoetan), gas sulfhidriko ugari duten tokietan (habitat hiper-azidoetan), etab.

Arkeobakterio extremofiloak hiru taldetan sailka daitezke bizi diren ingurugiroaren arabera: metanogenoak (habitat oso anaerobioetan daude, eta gas metanoa sortzen dute CO2 erreduzitzerakoan), halofiloak (gatz kontzentrazio altuak dituzten ingurugiroetan hazten dira) eta termoazidofiloak (tenperatura eta azidotasun handiko habitatetan egoten dira, azido sulfuriko duten iturri termaletan, adibidez).

Arkeobakterioek, bakterioen aldean, ez dute garrantzi klinikoa, patogenoak ez direlako (gaur arte ezagutzen direnak, bederen) [3] [4]. Gehienak komentsalismo edo mutualismo egiten bizi dira.

Arkeobakterioek garrantzi handia dute hainbat prozesu bioteknologikoetan: metanogeno batzuek biogasa sortzen dute araztegietan, hondakin-uren tratamenduan. Beste batzuen (archaea termofiloen) entzimak usu erabiltzen dira laborategi bioteknologikoetan, tenperatura altuetan lan egiten denean (DNA polimerasa termoegonkorrak, adibidez)

Sailkapena

Archaea domeinuan bost filum daude: Crenarchaeota, Euryarchaeota, Korarchaeota, Nanoarchaeota eta Thaumarchaeota. Lehenengo biak dira hobekien ezagutzen direnak.

Arkeobakterioen sailkapena ez dago inondik inora finkatuta. Mikroorganismo horien multzoa oraindik ez da oso ongi ezagutzen, eta beraz urtez urte aldaketa berriak gertatzen dira. Biologia molekularraren garapenak eta espezie berrien aurkikuntzak aipatutako sailkapenean aldaketak ekarriko ditu etorkizun hurbilean.

Crenarchaeota filumean mikrobio hipertermofiloak daude. Besteak beste, Thermoproteus, Pyrolobus, Sulfolobus edo Pyrodictium. Filum honetako genero asko ozeanoetan ere bizi dira.

Euryarchaeota filumean mikrobio halofiloak daude: Halobacterium, Halococcus, Haloferax edo Natrialba, esaterako. Baita metanogenoak ere: Methanobacterium, Methanococcus, Methanobrevibacter edo Methanomicrobium. Termoazidofilo batzuk ere talde honetan sartzen dira: Thermoplasma, Thermococcus.... Hauetaz gain, talde honetako mikrobio ugarik planktonen osaketan parte hartzen dute.

Erreferentziak

  1. Ingraham, J. eta Ingraham, C.: Introducción a la microbiología Vol. 1, Ed. Reverte (1998), 267-268 orr.
  2. Ingraham, J. eta Ingraham, C.: Introducción a la microbiología Vol. 1, Ed. Reverte (1998), 90-91 orr.
  3. Eckburg P, Lepp P, Relman D (2003). "Archaea and their potential role in human disease". Infect Immun 71 (2): 591-6
  4. Cavicchioli R, Curmi P, Saunders N, Thomas T (2003). "Pathogenic archaea: do they exist?". Bioessays 25 (11): 1119-28
(RLQ=window.RLQ||[]).push(function(){mw.log.warn("Gadget "ErrefAurrebista" was not loaded. Please migrate it to use ResourceLoader. See u003Chttps://eu.wikipedia.org/wiki/Berezi:Gadgetaku003E.");});
licence
cc-by-sa-3.0
droit d’auteur
Wikipediako egileak eta editoreak
original
visiter la source
site partenaire
wikipedia EU

Arkeobakterio: Brief Summary ( basque )

fourni par wikipedia EU

Arkeobakterioak edo Archaea mikrobio zelulabakarrak dira. Prokariotoak dira, bakterioen antzera. Hala ere, bakterioekin alderatuta desberdintasun handiak dauzkate, batik bat maila genetikoan. Izan ere, genetikoki arkeobakterioak hurbilago daude eukariotoengandik bakterioengandik baino.

licence
cc-by-sa-3.0
droit d’auteur
Wikipediako egileak eta editoreak
original
visiter la source
site partenaire
wikipedia EU