Haritz kandugabea (Quercus petraea edo Quercus sessiliflora) Quercus generoko zuhaitz espezie bat da, Euskal Herrian ohikoa. Haritz kandudunaren (Quercus robur) antza handia du eta, hura bezala, sarri haritz izen soilaz aipatzen da. Haritz kandugabearen ezkurrek, izenak dioen moduan, ez dute ia kandurik edo txortenik. Zuhaitz honen izen espezifikoak, petraea-k, lurzoru harritsuetan bizitzeko duen gaitasuna du aipagai.
35 metrorainoko zuhaitza da, adaburu zabal eta erregularrekoa. Enbor-azal hauskara du hasieran, arrexka gerora eta ezkatatsu-zartatua. Adar berriak gaztaina kolorekoak, distiratsuak, lentizela argi ugarirekin, normalean glabroak (batzuetan ile sinpleak). Ernamuinak 4-9 milimetrokoak, glabreszenteak.
Haritz kandugabearen hostoak 5-21 x 2-15 zentimetrokoak dira, txandakatuak, mintzakarak, erorkorrak eta forma espatulatu-lantzeolatukoak. Lobulatuak dira edo subpinatifidoak, kolore ilunekoak eta glabroak dira gainaldetik, baina zurbilagoak eta pubeszentzia oso txikiarekin azpialdetik. Hala ere, ileak heldutasunean hostoaren azpialdeko nerbioetara murrizten dira. Ileek orokorrean 3-4 erradio dituzte. Haritz kandugabearen hostoek 5-9 nerbio pare dituzte. Pezioloa nahiko txikia da, 10-25 milimetrokoa, glabroa eta kanalikulatua.
Haritz kandugabeak amentu motako infloreszentziak ditu, haizearen bidezko polinizaziora (anemofiliara) moldaturik daudenak. Zuhaixka monoikoa da, hau da, ale berdinak sexu bietako loreak ditu, ez oso deigarriak.
Amentu arrak 3-9 zentimetrokoak dira eta errakis glabroa dute edo ile gutxi batzuekin. Horrez gain, periantoak lobulu ziliatuak ditu. Lore emeek, berriz, oso estilo motzak dituzte, bilotsuak eta oinarritik dibergenteak. Estigma trunkatuak dituzte.
Haritzen ezkurrak akenio motako fruituak dira. Haritz kandugabearen akenioak 12-15 x 9-15 milimetrokoak dira, horixkak, sesilak edo pedunkulu (kandu) zorrotz eta glabrodunak (15 mm-rainokoa asko jota, hortik datorkie hain zuzen ere, kandugabe izena). Karloa (txapela) 6-12 x 8-15 milimetrokoa dute, ezkata aske obolantzeolatuduna. Ezkatak kolore hauskara dute eta pubeszenteak dira. Oinarrialdeko ezkatak lauak dira baina aldendu ahala konkordunak izan daitezke.
Europako mendebalde, erdialde eta hegoaldean aurkitzen da, eta Asiako mendebaldean. Iberiar penintsulan, bereziki iparraldean agertzen da, eta ez da Portugala edo Balearretara iristen. Aldiz, arrunta da Kantauriar mendikatean eta Pirinioetako magaletan. Nafarroa Garaian, aipatzekoak dira Orotz-Beteluko populazioak eta Urrobi ibaiko arro altuetakoak.
Mendi magaletan hazten da, haritz kanduduna baino lur lehor eta azalagoetan, baita lur harritsuagoetan ere (hortik datorkio, hain zuzen ere, petraea izen espezifikoa). 1.800 metroko altituderaino igotzen da, eta kareharrizko lurretan zein silizeoetan aurki daiteke. Urrobiko arroetako populazioak hareharri triasikoen gainean hazten dira.
Apiril-maiatz bitartean loratzen da, eta ezkurrak iraila-urrirako heltzen dira.
Haritz zura dentsitate handikoa da eta oso gogorra. Intsektu eta onddo espezie gehienekiko nahiko erresistentea da, duen tanino kopuru altua dela eta. Erdi Arotik erabili izan da haritzaren egurra eraikinen barruko habeetarako eta hala haritz kandudunren zura nola haritz kandugabearena oso erabilia izan zen XIX. mendean, ontzigintzan. Gaur egun, haritz kandugabearen zura bereziki ardo barriketarako erabiltzen da.
Loranthus europaeus landareak parasitatzen du. Gainera, Tortrix viridana lepidopteroaren larbek haritz kandugabearen hostoak jaten dituzte.
Haritz kandugabea (Quercus petraea edo Quercus sessiliflora) Quercus generoko zuhaitz espezie bat da, Euskal Herrian ohikoa. Haritz kandudunaren (Quercus robur) antza handia du eta, hura bezala, sarri haritz izen soilaz aipatzen da. Haritz kandugabearen ezkurrek, izenak dioen moduan, ez dute ia kandurik edo txortenik. Zuhaitz honen izen espezifikoak, petraea-k, lurzoru harritsuetan bizitzeko duen gaitasuna du aipagai.