Txantxangorria (Erithacus rubecula) passeriforme klaseko hegaztia da, Muscicapidae familiakoa.[1] Europa osoan aurki daiteke, gehienbat hegoaldean, eta urte osoan leku berean bizi da. Europako Iparraldearen eta Afrikako ipar-mendebaldearen arteko migratzaile partziala da. Txantxangorria hegazti lagunartekoa, ausarta eta bitxia da, eta ondorioz ohikoa da txori mota honek momentu batez basoa atzean utzi eta begi bistan jartzea bere bizilekura zein edo zer iristen den ikusi ahal izateko. Deiadar bereizgarria du eta alerta gisa erabiltzen du. Txori honen kantua melodikoa da, urretxindorrarenaren oso antzekoa.
Bular gorriagatik bereizten den hegazti txikia da, 14 cm luze ingurukoa. Gazteak arreak dira, tantoz josiak, eta arren eta emeen artean ez dago desberdintasun fisikorik. Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak egindako ikerketa baten datuen arabera txantxangorrien lumadiari erreparatuta beren sexuaren eta adinaren informazio zehatza jakin daiteke.[2]
Intsektu txikiak eta zizareak ditu elikadura iturri nagusi. Euskal Herri osoan zehar egiten ditu habiak (gehiago lurralde hezeetan idorretan baino). Neguan populazioak gora egiten du, Europa iparraldeko hotzetik ihesi datozen txoriak ere gerturatzen direlako. Euskaraz beste hainbat izen ere baditu: anttonpapargorri, antxogorri, lepogorri, papargorri, papogorri, txantxako, txantxango, txindor, txotxolongorri.[3]
Txantxangorri helduak 5-14 cm-ko luzera du, 16-22 g-ko pisua eta 20-22 cm-ko hego-zabalera. Bai arraren bai emearen lumadia antzekoa da. Ar eta emeen ezaugarriei dagokienez paparra eta aurpegia laranja kolorekoak dituzte, gris-urdin kolore batez inguratuta, goiko aldea marroia dute eta sabel aldea zuria, hankei eta oinei dagokienez marroiak dira eta mokoa eta begiak berriz beltzak. Txantxangorri gazteek ez dute ia kolore laranjarik, okre-kolorea izan ohi dute gehienbat. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka paparrean eta aurpegian laranja koloreko zati batzuk agertzen zaizkie nagusitu ahala.[4]
Carlos Linneo zientzialari eta naturalista suediarrak gaur egungo taxonomiaren oinarriak jarri zituen. Hark, XVIII. mendean idatzitako Systema naturae[5] obran, txantxangorria, Motacila rubecula izenarekin deskribatu zuen. Bere berariazko epitetoa Rubecula latineko gorri (ruber)[6] hitzaren txikigarri eratorria da. Erithacus generoa Georges Cuvier naturalista frantsesak sortu zuen 1800. urtean eta txantxangorriari izena eman zion, gaur egunean duen nomenklatura binomiala hain zuzen, Erithacus Rubecula.[7]
Txantxangorria intsektuak jaten dituen hegazti talde baten kidea da. Talde horren kide bezala birigarroa eta euli-txoria ere izendatu izan dira beste batzuen artean, taldeak taxonomikoki oso antzekoak baitziren. Azkenik, Birigarroaren eta euli-txoriaren espezieak berriz aztertu ziren eta ondorioz, Erithacus generoa Saxicolini taldearekin lotu zen. Saxicolini taldeak bere baitan aurreko hiru espezieak izateaz gain, Urretxindor arrunta ere hartzen du, Saxicolini familiako beste hegazti askorekin batera.[8]
Ekialdeko Paleartikoan bi espezie kokatzen dira Erithacus generoan , Erithacus akahigea eta Erithacus komadoria, hain zuzen. Hala ere, datu biogeografiko eta DNA sekuentzia batzuk adierazten dutenaren arabera bi horiek Ekialde Urruneko Urretxindorrekin batera sailka daitezke, Erithacus generoan europar espezieak soilik utzita.[9]
Britainiako Erithacus rubecula melophilus subespeziea hegazti kontinentaletatik arintasunez desberdintzen den bakarra da. Subespezieei dagokienez, James Clementsek[1] hurrengo subespezieak aitortzen ditu:
Eurasiako area kontinentalaren zati handi batean txantxangorrien arteko desberdintasunak oso urriak dira eta ondorioz ez dituzte poblazio sotilak sortzen. Beraz, subespezieak desberdintzeko gehienbat uharteak eta mendiko zonaldeak erabiltzen dira.[10][11]
Erithacus rubecula melophilus, Europako mendebaldearen zati handi baten bizi den subespeziea, Britainiar uharteak barne, ibiltari bezala Afrikan, Korsikan edo Sardiniako ipar-mendebaldean ere aritzen da. Erithacus rubecula witherbyi espeziea Erithacus rubecula melophilusen oso antzekoa da, hala ere, lehenengoa hego-zabalera txikiagoa izateagatik bereizten da. Erithacus rubecula tataricus, ipar-ekialdeko espeziea, handi samarra da eta bere lumak tonu ilunekoak dira. Banaketa eremuei dagokienez, hego-ekialdean, Krimeako penintsulako Erithacus rubecula valens espeziearen, Kaukasoko eta Transkaukasiako Erithacus rubecula caucasicus espeziearen eta Irango Erithacus rubecula hyrcanus espeziearen arteko diferentzia nabarmenak onartuta daude.[12]
Madeirako eta Azoreetako subespezieak Erithacus rubecula microrhynchos izena hartu du. Morfologia desberdina ez duen arren, bere isolamenduak subespezie bezala konfirmatzeko baliotasuna ematen du.
Kanaria uharteetan bi espezie aurkitzen dira; batetik, Kanaria Handikoa Erithacus rubecula marionae eta bestetik, Tenerifekoa Erithacus rubecula superbus. Ezaugarri bereziak dituzte, hala nola, beteraztun zuria, bularreko kolorazio bizia eta kolore marroia eta gorrixka banantzen ditu marra gris bat. Sabelaldea guztiz zuria da.[13]
B zitokromo sekuentzien eta bokalizazio sekuentzien datuek[14] Tenerifeko eta Kanaria Handiko txantxangorriak oso desberdinak direla erakusten dute. Seguruenik, gutxi gorabehera orain dela bi milioi urte egon zen hegaztien kolonizaziotik eratorriak izango dira. Gainera, bi espezie hauek beraien artean diferentzia genetiko nabarmenak dituzte.[10]
2003. urtean Christian Dietzen, Hans-Hinrich eta Michael Wink autoreek, Avian Science aldizkarian, "The phylogeographic differentiation of the European robin Erithacus rubecula on the Canary Islands revealed by mitochondrial DNA sequence data and morphometrics: evidence for a new robin taxon on Gran Canaria?"[10] izeneko ikerketa argitaratu zuten. Amaieran, konklusio bat lortu zuten; Kanaria Handiko txantxangorriak bere Europako senideetatik orain dela 2.300.000 urte aldendu zela eta Tenerifekoak aldiz, 500.000 urte beranduago gauza bera egin zuela, hau da, orain dela 1.800.000 urte. Horren arrazoia, kolonizazio desberdina da, lehenik eta behin Kanaria Handira izan zen kolonizazioa eta urte mordo bat beranduago handik Tenerifera izan zena[15]. Marionae eta superbus subespezieen arteko desberdintasunak zehazteko eta auzi hauei erantzuna emateko oraindik ez da lan zehatzik argitaratu. Aurretiazko emaitzek iradokitzen dute Kanaria Handiko txantxangorriaren hegoak % 10 laburragoak direla bestearekin alderatuta.
Kanariar Uharteetako hegoaldeko herriak gazteagoak dira, erdi pleistozenokoak eta beraien dibergentzia genetikoa hasiberria da. Mendebaldeko Kanariar Uharteetako (Hierro, La Palma eta Gomera) Erithacus rubecula microhynchus txantxangorria txantxangorri kontinentalaren (erithacus rubecula)[12] antzekoa da. Azkenik, Fuerteventuran aurkitutako txantxangorriak kontinentalak dira, hala ere, hau ez da harrigarria espezieak ez baitu habia egiten ez Fuerteventuran ez Lanzaroten. Hegazti hauek negua igaro edota joan-etorrikoak dira, esaterako Afrikatik Europarako migrazioa.
Euskal Herrian bizi den txantxangorria Erithacus rubecula espeziekoa da, espezie honetan komuna den bezala, 14 cm-ko luzera eta 16-22 g-ko pisua ditu. Kasu honetan lurrean, sastraketan eta antzeko tokietan bilatzen ditu zizare, barraskilo, intsektu edota armiarmak. Baina neguan dieta handitu egiten du, eta fruitu edo haziak ere jaten ditu, horretarako herrietako parke edo lorategiak erabiltzen dituelarik. Udaberrian hegazti-hazkuntza leku freskoetan egin ohi du.[16] Txantxangorria oso zorrotza da bere lurraldearen mugak zaintzen eta borroka egiten du bertara hurbiltzen diren espeziekide guztiak bidaltzeko.[17]
Txantxangorriei eraztun ipintzeak Kantauri kostako leku aberasgarrienetan eman dira; Urdaibaiko Biosferaren erreserban, hain zuzen.[18]
Txantxangorriak bikotea topatu ondoren aldendu egiten dira bata bestearengandik egun batzuetarako. Gerora, emea kabia egiten hasten denean berriz ere elkartu egiten dira. Bien arteko kopulak hasten dira arrautzak jartzeko momentua heldu arte. Euskal basoetan arrautzen kopurua 4 eta 6 artekoa izaten da orokorrean.[19]
Txantxangorriaren banaketak toki asko hartzen ditu: Europa, Asiako ipar-mendebaldea, Afrikako iparraldea eta ekialdean Siberiako mendebaldera arte hedatzen da, hego-ekialdean Kaukasoko mendikateak arte eta hegoaldean Aljeria arte. Era berean Britainiar Uharteak eta Makaronesia eskualdea ere hartzen ditu.
Eskandinaviako eta Errusiako txantxangorriak Mendebaldeko Europara migratzen dute haien lurraldean egiten duen hotzagatik ihes egiteko. Hegazti migratzaile hauek haien goialdeko tonu grisagatik eta paparreko kolore laranjagatik bereizten dira. Europa iparraldean gustukoen duten habitata izei basoa da, Britainiar uharteetan berriz nahiago dituzte parkeak eta lorategiak.[20]
XIX. mendearen amaieran espezie hau Australian eta Zeelanda Berrian sartzea nahi izan zuten baina plan honek zuen arrakastarik izan. Hegaztiak Melbourne, Auckland, Christchurch, Wellington eta Dunedin inguruan izan ziren askatuak baina ez zuten kokatzea eta lurraldeetara egokitzea lortu. Ipar Amerikan ere antzeko emaitza izan zen. Hegazti hauek Long Islanden izan ziren askatuak, 1852. urtean New Yorken, 1889an Oregonen eta 1908an Saanicko penintsulan eta Kolumbian, baina saiakera hauek ere ez zuten arrakasta handirik izan.[21]
Eguneko hegaztia da, noizbehinka ilargi gauetan edo argi artifizialaren inguruan intsektuak ehizatzen dituen arren.[11] Ornogabe lurtarrez elikatzen da gehienbat, armiarmak, zizareak edo intsektuak, esate baterako. Udazkenean eta neguan, bere eguneroko ornogabeen dieta baia eta fruitukin osatzen du.[20] Txorien elikagailuetan jartzen diren hazien nahasteak ere jaten ditu.[4]
Gizakien presentziara nahiko ohituta dago, adibidez, norbaitek lurra mugitzen dagoenean bertara hurbildu ohi dira bertan zizareak edo antzeko harrapakinak harrapatzeko asmoarekin. Ondorioz, irla britainiarretan txantxangorria lorezainaren laguntzat hartzen da, eta ez zaio kalte egiten hainbat arrazoi folkloriko direla eta. Europa kontinentalean, non txantxangorriak beste hainbat hegazti txiki espezie bezala ehizatu ziren, arretatsuagoak eta arduratsuagoak bilakatu ziren.[4] Lurrazalean beste elikagai batzuk aurkitzeko asmoarekin, txantxangorria animalia basatietara ere hurbiltzen da, basurdea eta lurra mugitzen duten beste animalia batzuetara, esate baterako.
Arrek lurraldetasun portaera nahiko oldarkorra eta erasotzailea dute. Beraien lurraldera hurbiltzen diren beste arrak erasotzen dituzte, eta inongo itxurazko probokaziorik gabe beste espezie txikiago batzuk erasotzen ere ikusi izan dira. Gertaera edo eraso hauek askotan mortalak izatera heltzen dira, eremu jakin batzuetan txantxangorri helduen % 10aren heriotzak irudikatzen edo ordezten ditu.[22] Espezie hau Dasypsyllus gallinulae deituriko arkakuso batek josita dago.
Migrazioei dagokionez, lurraldearen arabera txantxangorriek jokaera erabat desberdina dute. Europako ipar-ekialdean guztiz udako populazioak dira, ordea, hego muturrean espezie sedentarioak dira.[23]
Habia egiteko leku desberdin asko erabiltzen ditu, zulogune edo zulo bat duen edozein leku habia egiteko leku aproposa izan daiteke txantxangorriarentzat. Ohiko arrakalez edo babesa duten bankuez gain, txantxangorriak habia egindako leku arraroen artean daude makineria piezak, barbakoak, bizikleten eskulekuak, baztertutako lapikoak, ureztontziak, lorontziak... baita txapelak ere. Habia goroldioarekin, orriekin eta larrearekin egiten du, eta belar fin, ile eta lumekin estaltzen du. Kumeak izateko garaian edo umealdietan, martxo edo apirilean hasi eta abuztu edo irailera arte, bost edo sei arrautza jartzen ditu, bi edo hiru errunalditan. Arrautzak krema, beix edo zuri kolorekoak dira, izpildunak edo marroi gorrizka batekin orbainduta, eta gehienetan mutur luzeenean orbain gehiago izan ohi ditu.[24]
Emea bigarren errunaldia hazten dagoenean, arra lehen errunaldiaren elikadurarekin arduratzen da. Txitaldi aldia 13-14 egunekoa da. Jaioberriak arrautzatik irten eta 13-14 egunera hegan egiten hasten dira.
Hegaztiak oraindik marroi izpildun kolorekoak direnean, bi hilabetetik hiru hilabetera bitartea daramatenean habiatik kanpo, lehen luma laranjak agertzen zaizkie kokots azpian, eta hurrengo bi edo hiru hilabeteetan apurka-apurka kolore laranja hau zabaldu egiten da lehen lumaldatzea egin eta nagusi itxura izan arte.
Kuma garaian kantu ildaskatu eta txioa dauka, noiz askotan gauez kantatzen duen, batzuetan oso berandura arte, ondorioz urretxindorrarekin (Luscinia megarhynchos) nahasten da. Gune hiritarretan egin ohi duen gaueko kantua egunez oso zaratatsuak diren guneetan izaten da, horrek aditzera ematen du gaueko lasaitasunean kantatzen duela bere mezua argitasun gehiagoz hedatzen edo zabaltzen delako.[25] Neguan zehar, arrek eta emeek lurralde banatuak dituztenean, bi sexuetako txorien kantuak udan baino errukigarriagoak edo penagarriagoak dira. Neguan zehar emea habiaraketa gunetik irten eta gune gertuagoko lurralde batera mugitzen da, janari bila. Arra habiaraketa lurraldean egoten da urte guztian.
Txantxangorri europarraren iparrorratz magnetikoa zabalki ikertua izan da eta ikusmenean oinarritutako “magneto harrera” erabiltzen duela esan daiteke. Bertan nabigaziorako erabilitako kanpo magnetikoa antzemateko, eta hegaztiaren begian sartzen den, argiak eragina du.[26] Modu ulerkorrago batean esanda, animalia askok lurraren kanpo magnetikoa antzeman ahal dute, eta hori erabili orientatzeko eta nabigatzeko, horrek objektu, harrapakin edo leku baten norabidea, kokapena eta altitudea ezagutzeko aukera ematen baitu.[27] Hala ere, oraindik ez da guztiz ezagutzen bere zentzu magnetikoaren mekanismo fisikoa.
Txantxangorria oso garrantzitsua da folklore britainiarrean eta Frantziako ipar-mendebaldean, nahiz eta ez den hain garrantzitsua Europako beste leku batzuetan. Europa iparraldeko mitologian ekaitz txoritzat hartzen zuten, Thor-entzat, ekaitzaren jainkoa, sakratua zen txori hau.[28] Babes in the Wood deituriko umeentzako ipuin tradizional batean ere agertzen da, non hildako umeen gorpuak gorde edo estaltzen dituen.
Berriki Gabonekin lotua izan da, ondorioz Gabonetako txartel askotan agertu izan da XIX. mendeko erdialdetik gaur egunera arte, halaber, Gabonetako posta zigilu askotan agertzen da. Britainiako elezahar batek txantxangorriaren paparreko kolore bereizgarria nondik datorren azaltzen du.[29] Elezahar honen arabera Jesus gurutzean hiltzen zegoela, txantxangorri bat, orduan oraindik kolore marroikoa, bere ondora joan eta kantuan hasi zen, horrela Jesus gaitzetik eta minetik kontsolatzeko. Jesusen zaurietako odolak txantxangorriaren paparra zikindu omen zuen, eta ordutik txantxangorri denek dute Kristoren odolaren marka paparrean.[28]
Beste elezahar batek dio txantxangorriaren paparra garbitoki edo purgatorioan zeuden arimentzat uraren bila joan zenean erre zela. Hala ere, txantxangorriak Gabonekin duen lotura postari britainiarren ondorioz izango da: garai viktoriarrean postari britainiarrak uniforme gorriak zeuzkaten eta “Robin” (txantxangorri) izenez ezagutzen ziren. Seguruenik hauxe da Gabonetako txarteletan txantxangorria agertzearen arrazoi nagusia, txartela ematen duen postariaren ikur bat dela esan daiteke.
Bestalde, euskal kulturari eta euskarari dagokionez, “Euskararen txantxangorria” delakoa ere ezagutzen da. Ekimen hau Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako udalak, Gasteizko udalak, Bilboko Udalak eta EUDELek bultzatuta dago. Hala ere, Euskararen txantxangorria ez da instituzio hauena, gizartearena da.
Euskararen txantxangorria sinbolo honek euskaraz hitz egiteko gonbita bat egiten du, gizarte guztiak euskara egin eta txantxangorria bezala hegan egiteko gonbita egiten du. Honen helburua euskara gehiago erabiltzea eta entzutea da, baita euskaraz hitz egiteko gonbita bistakoa izatea eta jendeak erratz identifikatzea gonbita hori. Beste helburu bat administrazio publikoko bulegoetan, eraikin publikoetan, garraio zerbitzuetan, osasun zerbitzuetan, eskoletan, kirol instalazioetan, unibertsitateetan… txantxangorri hau ikusgai egotea da. Pertsona bakoitzak ahal duen neurrian, helburu komun batekin. Txantxangorria aukeratu zen honen sinbolo gisa txantxangorria animalia txikia delako, oso maitea, azkarra eta bizia. Euskarak bezala hegoak hastintzea behar du hegan egiteko eta airean mugitzeko.[30][31]
Euskararen txantxangorriak aurretik aipatutako guztia irudikatzeaz gain bere abestia ere badu, abestia Sorotan Bele taldeko Urbil Artolak eta Gorka Sarriegik egina da, Dani Venegas musikariarekin batera. Hitz hauek ditu:[32]
«Sortaldeko argi berriari
ari zaio aspaldi
arratseko azken izpiari
egun eta gizaldi
Bular gorri, hegakada arin
Lur hauetan da emari
Erreka eta ibai zabalaren,
Itsasoaren egarri
Lau haizetara hegan
Bera dabil airean
Ahotan, belarritan
Su epelean
Kalearen bizia
Herri honen irria
Euskararen txantxangorria
Haizearen magal leunean
Hedatu da oihua
Bihotzaren taupadetan,
hitzak Sortu du doinua
Olatuek beren solasean
Aukeratutako harria
Denboran zehar dute jolasean
Eten ez dadin haria
Lau haizetara hegan
Bera dabil airean
Ahotan, belarritan
Su epelean
Kalearen bizia
Herri honen irria
Euskararen txantxangorria
Bestalde, Itoiz taldearen “Hegal egiten” deituriko abestiak ere txantxangorria du aipagai. 1985ean Espaloian diskoaren barnean kaleratu zen. Abesti honek basora ihes egiten duen gazte baten inguruan hitz egiten du, horrela txantxangorri bat bezala bizitzeko. Hitzak Bernardo Atxagak sortu zituen, eta hauek dira:[33][34]
«Neukan guzti zen amets bat, amets bat,
beti egoten nintzen
haren bisitan zai [bis]
Ai! Ene ama euriak eta baso ilunak
seinalatzen zizkidanez,
ez, ez dira etorriko inoiz.
Etzazu holako ametsik egin ez.
Mantso zihoan denbora niretzat,
lehioak jarrita euriari begira,
eta jendeak zion: «mutil horrek
amets bat bakarrik dauka».
Baina egun batean, esnatzerakoan,
txantxangorri bat ikusi nuen gelan,
ta gero beste beste bat eta beste bat,
inguratua nengoen...
Oh, txantxangorriak,
gelako sapaian,
gelako sapaian.
Oh, txantxangorriak,
gelako sapaian.
Orain herritik mutil bat falta da,
ez dago inor bere etxeko lehioan,
baso ilunetan dabil hegaletan,
txantxangorriak bezala.
Orain ba du bihotz nimino bat,
eta bi hegal bi hegal euriz bustiak.
Bularra du ere gorri kolorekoa,
eta txantxangorria da.
Txantxangorria naiz,
baso ilunetan,
bete zait ametsa,
baso ilunetan,
txantxangorria naiz,
baso ilunetan,
bete zait ametsa,
txantxangorria naiz,
hegal egiten, hegal egiten,
hegal egiten.
Txantxangorria (Erithacus rubecula) passeriforme klaseko hegaztia da, Muscicapidae familiakoa. Europa osoan aurki daiteke, gehienbat hegoaldean, eta urte osoan leku berean bizi da. Europako Iparraldearen eta Afrikako ipar-mendebaldearen arteko migratzaile partziala da. Txantxangorria hegazti lagunartekoa, ausarta eta bitxia da, eta ondorioz ohikoa da txori mota honek momentu batez basoa atzean utzi eta begi bistan jartzea bere bizilekura zein edo zer iristen den ikusi ahal izateko. Deiadar bereizgarria du eta alerta gisa erabiltzen du. Txori honen kantua melodikoa da, urretxindorrarenaren oso antzekoa.
Bular gorriagatik bereizten den hegazti txikia da, 14 cm luze ingurukoa. Gazteak arreak dira, tantoz josiak, eta arren eta emeen artean ez dago desberdintasun fisikorik. Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak egindako ikerketa baten datuen arabera txantxangorrien lumadiari erreparatuta beren sexuaren eta adinaren informazio zehatza jakin daiteke.
Intsektu txikiak eta zizareak ditu elikadura iturri nagusi. Euskal Herri osoan zehar egiten ditu habiak (gehiago lurralde hezeetan idorretan baino). Neguan populazioak gora egiten du, Europa iparraldeko hotzetik ihesi datozen txoriak ere gerturatzen direlako. Euskaraz beste hainbat izen ere baditu: anttonpapargorri, antxogorri, lepogorri, papargorri, papogorri, txantxako, txantxango, txindor, txotxolongorri.