Madariondo arrunta edo udareondo arrunta (Pyrus communis) Pyrus generoko zuhaitz edo fruta-arbola espezie bat da, madari edo udareak ematen dituen Europan arruntena.
Hosto erorkorreko zuhaitza da, eta 20 m garaira irits dezake. Adaburua obala da; adaxkak arre-gorrixkak, ilegabeak eta distiratsuak dira.
Zurtoina zuzena da, eta azala grisa eta zartatua.
Udareondoaren hostoak obalatuak edo eliptikoak, meheki zerradunak eta berde ilun distiratsuak dira; pezioloa, batzuetan, hostoa bezain luzea da.
Martxotik maiatzera loratzen da udareondoa; hostoak baino lehen sortzen dira loreak. Loreak, korinbotan elkartuak, zuriak edo arrosak dira.
Udareondoaren fruituak, udare edo madariak, pomo erakoak dira, mamitsuak eta gozoak.
Udareondoa planeta osoan kultibatzen da klima epeletan, baratze eta lur ureztatuetan. Udareondoaren jatorria ez da ezaguna beste espezie kultibatu batzuekin gertatzen den bezala, baina zenbait espezie europar eta asiarren hibridazioz sortu omen da.