Sahatsak edo zumeak Salix generoko eta Salicaceae familiako zuhaitzak dira. Salix 450 espeziez osatutako generoa da. Espezie hauek Ipar hemisferioan kokatzen dira, klima hotz eta epeletan. Horrez gain, Salix izen generikoa, zeltikozko "sal" (hurbil) eta "lis" (ura) hitzetatik omen dator, gune hezeetan hazteko joera baitu. Salix generoak sahats edo zume izen arrunta hartzen du.
Generoa Carolus Linnaeus zientzialari, naturalista, botaniko eta zoologo suediarrak deskribatu zuen eta Species Plantarum-en argitaratua izan zen.
Ikuspuntu taxonomikotik zailtasunak aurkezten dituen generoa da, izan ere, espezieen arteko desberdintasunak ezartzea nahiko zaila da. Zailtasun hauek espezieek morfologikoki dituzten aldakortasunen ondorio dira batez ere.
Sahatsak zuhaitz edo zuhaixkak dira, adar nahiko malguak dituztenak. Begi inerbanteak, ezkata bakar batekin daude babestuak.
Hostoak, orokorrean erorkorrak direnak, peziolo labur eta tentea izan ohi dute, estipula (hostoen pezioloen oinean hazten diren luzakinetako bakoitza) garatu edo bi guruinetara murriztuta daudelarik. Forma anitzekoak izan daitezke: borobilak, eliptikoak zein obalatuak, hosto-ertz horzdun edo zerradunak.
Sahatsak espezie dioikoak dira, oso gutxitan lore bisexualak edo bi motatako loredunak diren infloreszentziak aurkezten dituzte.
Lore unisexualez osatutako lore-elkarte zintzilikariak osatzen dituzte, hau da, loreak gerbetan antolatzen dira. Hostoen aldi berean, bitartean edo ondoren ager daitezke.
Loreei dagokienez, unisexualak dira. Arrak nektario bat dute eta biluziak (periantorik gabekoak) dira orokorrean 2 estamindunak (gutxi batzuetan 3koak), harizpi luzedun eta antera hori-gorridunak. Lore emeek pistilo sesil edo pedizelatua dute. Loreek braktea izeneko hosto eraldatua izango dute, eta loraketa hostoketaren aurretik, ondoren edo bitartean gerta daiteke, gehienbat urtarrila-maiatza bitartean.
Fruitua 2 eta 4 mm bitarteko kapsula da, barnean ile luzez osatutako “mototsak” diren hazi txikiak dituena. Motots hauen funtzioa dispertsioan laguntzean datza (anemokoria). Fruituan dagoen obozelula-kopurua aldakorra da espeziearen eta urteko baldintza klimatikoen ondorioz. Kapsulen irekiera, loratzearen 2 hilabete geroago ematen da, martxoa eta ekaina bitartean gutxi gorabehera. Sexualki garatzeaz gain, zenbait espeziek fragmentazioz ugal daitezke (asexualki).
Genero honetako landareak ingurune epel eta hezeetan hazten dira. Orokorrean ibai eta aintziren inguruan aurkitu ditzakegu, hau da, hezetasun handiko eremuetan. Substratuari dagokionez kareharrizko edo dolomitazko lurrak faboratzen dituzte.
Espeziearen arabera argitasunaren beharra oso aldakorra da, badira batzuk argitasun gutxirekin hazteko gai direnak (Salix alba), beste batzuk argitasun askoren beharra dute hazteko (Salix purpurea). Nitrogenodun konposatuekiko ere sentikorragoak diren espezieak daude; badira ingurune nitrogenatuak faboragarritzat dituzten espezieak eta badira ingurune horiek saihesten dituztenak.
pH-ari dagokionez, ingurune basikoak nahiago dituzte: 5,5 eta 8 bitarteko inguruneak. Izan ere, ingurune alkalinoen bioindikatzaile gisa erabili daitezke.
Lepidoptera espezie batzuek Salix generoko landareak erabiltzen dituzte elikagai gisa, esaterako, Nymphalis antiopa espezieak. Gainera Formica, “hormigas de la madera”, Aphidoidea superfamiliako intsektuak bizi diren Salix zuhaitzetan elkar-bizitzen dute, hauek jariatzen duten ezti-ihintzaz elikatzeko. Horrez gain sahatsetan hazten diren Malepsora generoko onddoek sortutako oxidoek zuhaitzeko hostoak hondatzen dituzte eta orbain laranjak agertzen dira.
Antzinean Salix espezie batzuk landatu ziren Australian, gehienbat ur-korronteek sortutako higadura kontrolatu eta murrizteko asmoarekin. Egun, ordea, sastrakatzat jotzen da eta Hego Australian asko sakabanatu dira. Bertako aginpideak zuhaitz hauek kendu eta zuhaitz natiboak landatzen ari dira.[2][3]
2006an egindako ikerketa batzuek adierazten dute Salix generoko landareak landaretza gabeko lurraldeetan hazi eta haien nitxo ekologikoa osatzen dute. Zuhaitz hauek ur guneetan hazten direnez, kalkulatu da batez beste sahatz bakoitzak 500 ml/urteko ura kontsumitzen direla. Ondorioz sahatz-azalera handiko guneek beste espezie batzuen deshidratazioa eragin dezakete.[4]
Aintzinatik zuhaitz honen azala oso preziatua izan da sendagai gisa. Ameriketetan, indigenek, eta egipton besteak beste azal honen propietate analgesiko, antiinflamatorio eta antierreumatikoez. Salicinak propietate hauek ematen dizkio eta sedanteetan, toniko eta antierreumatikoetan erabiltzen ziren besteak beste[5].
Propietate sendagarriez gain, genero honetako espezieak askotan apaingarri gisa erabili dira.
Sahats batzuen adar edo zumeak, zuntz gisa erabiltzen dira otarreak, altzariak eta beste gai batzuk egiteko[6].
Sahatsa Sukkot judu-festarekin erlazionatuta dagoen espeziea da: sahats adarrak sinagogetan erabiltzen dira Hoshana Rabbahn, hau da, Sukkotaren zazpiharren egunean.
Bestalde, Txinan, Qingming festan, herritarrek sahats adarrak jartzen dituzte atean espiritu txarrak uxatzen dituztelakoan. “Taoismo zorginek” sahatsezko piezak egiten dituzte espiritu hauekin komunikatzeko.[7]
Tradizio Japoniarrean sahatsa mamuekin dago erlazionatuta. Beraien esanetan, mamuak sahats guneetan bizi dira, eta asko agertzen dira haien kondaira zaharretan.[8][9]
Folklore ingelesean sahatsa zorigaiztokoa dela esaten da hainbat istoriotan, errotik atera eta pertsonak harrapatzen dituena.
Europako beste hainbat herrialde batzuek aldiz, sahatsa jakintzarekin dago erlazionatuta, eta istorio askotan pertsonaiek zuhaitzari kontatzen dizkio bere sekretu eta zalantzak.
Sahatsa Ukraniako zuhaitz nazionala da.
Euskal Herriko udal batzuetan zume adarra aginte-makilaren aldaera bat da[10].
Sahats zuria edo zume zuria (Salix alba), Europa eta Asiako mendebalde eta erdialdean aurkitzen da[11][12]. Bere izena, hostoak azpialdean duten kolore zuritik datorkio. 10-30m-ko altuera izan dezake, enborra 1m diametrokoa eta koroa luzea eta irregularra. Azala, gris-marroia da, longitudinalki zartatua alde zaharrenetan eta gris- berdexka ale gazteenetan. Hostoek, 5-10cm-ko luzeera eta 0.5-1.5cm-ko zabalera dute, eta beste sahats-etakoak baino zurbilagoak dira, dituen ile zuri eta finak direla eta. Loreak, udaberri hasieran agertzen dira eta polinizazioa intsektuen bidez ematen da.[1][11][12][13]
Sahats iluna (Salix atrocinerea), Europako alde atlantiarrean agertzen da batez ere, eta Afrika iparraldean ere aurki daiteke. 9-12m-ko altuera izan dezake, azala arre iluna du, enborrean koska longitudinalak ditu -azalaren erortzearen ondorio- eta koroa ez da oso dentsoa. Adar gazteenak iletsuak dira eta urte bat baino gehiago dituzten adarrak ilegabeak dira. Hostoak hortz lodi eta markatuez hornituak egon daitezke, zimurtsuak dira eta nerbio oso nabarmenduak dituzte. Hasieran iletsuak dira, baina garapen prozesuan zehar ileak galtzen dituzte -nerbioetan ile gorrixka batzuk geratzen dira- goialdean kolore berde-iluna eta behean kolore gris-zuria erakutsiz. Loraldia, urtarrila eta martxo artean ematen da.[1]
Ahuntz sahatsa (Salix caprea), Europa eta Asia erdialde eta mendebaldean aurki daiteke. 6-12m-ko altuera izan dezake, kasu batzuetan 20m-tara ere iritsi izan da. Bere izena, Hieronymus Bock botanikoak egindako herbario batean du jatorria, zeinetan zuhaitz honen ilustrazioan, ahuntz bat agertzen den zuhaitza jaten. Azala leuna da eta kolore arre-gorrixka du. Adar gazteak, ilaundunak izaten dira, eta gero ilea galtzen dute. Hostoek, 5-10cm-ko luzeera eta 3-6cm-ko zabalera dute, pezioloa 0.5 cm-koa da, hostoaren nerbioa nabarmena eta hostoaren goialdea kolore berdekoa eta azpialdea gris ilupa. Loraldia, urtarrila eta maiatza artean ematen da.[1][11][12][14]
Zume hostoestua (Salix eleagnos), Europako erdialde eta hegoaldean, Asia hego-mendebaldean eta Afrikako iparraldean auki daiteke. Oso ugariak iberiar penintsulan, eta oso urriak Portugalen. 6-12m-ko altuera izan dezake, enborra zartatua, kolore arre-beltzekoa eta koroa oso adarkatua. Adar zaharrenak ilegabeak dira, kolore arre-gorrikoak eta adar gazteenak, ilaundunak. Hostoek, 2-10cm-ko luzeera eta 1-2cm-ko zabalera dute, linealak eta zimurtsuak. 16-20 nerbio pare dituzte, eta pezioloa 0.5cm-takoa -iletsua eta estipula gabea edo glandularra-. Loreak, otsaila eta apirila bitartean ateratzen dira.[1][11][15]
Zume hauskorra (Salix fragilis), Europa eta Asia mendebaldean aurki daiteke. 10-20m-ko zuhaitz ertaina da (29m-tara ere heldu izan dira). Enborra 1m-ko diametroa baino handiagoa izan daiteke eta enbor bat baino gehiago izan ditzake. Koroa zabala, konikoa, irregularra eta batzuetan okertua. Azala, gris-marroi kolorekoa da eta ale zaharretan zartatua egoten da. Hostoak, berde distiratsuak dira, ertz zerratuak eta 9-15cm-ko luzera eta 1.5-3cm-ko zabalera dute. Udaberri hasieran hostoak iletsuak izaten dira, eta gero ileak galtzen dituzte.
Loreak, udaberri hasieran agertzen dira. Europa eta Asiako zuhaitza denez, beste herrialde batzuetan, inbaditzaile izaera bereganatu du. Zelanda berrian, adibidez, bere salmenta edo distribuzioa debekatuta dago, eta zuhaitz arrak bakarrik mantentzen dituzte, hauek kontrolpean izanda.[1][11][12][14]
Zume gorria (Salix purpurea), Europa eta Asia mendebaldean aurki daiteke. 6m-ko altuera izan dezakeen zuhaixka bat da, adar gazte ilaundun eta adar zahar ilegabeak ditu. Gris distiratsuk dira, eta batzuetan zurixkak (bernizatuta daudela ematen du), horixkak, gaztaina-gorri edo beltz moduan ikusi daitezke. Hostoek, 5-7cm-ko luzera eta 1-1.5cm-ko zabalera dute. Hostoaren periferiaren heren bat (punta aldekoa) koskaduna eta beste bi herenak leunak eta 8-12 nerbio pare ditu. Gehienetan ilegabeak dira, baina hostoaren azpialdea ilaunduna izan daiteke. Pezioloa 0.5cm-koa eta ilegabea da eta ez dira estipularik agertzen. Loreak, urtarrila eta martxoa bitartean agertzen dira.[1][11][12]
Sahatsak edo zumeak Salix generoko eta Salicaceae familiako zuhaitzak dira. Salix 450 espeziez osatutako generoa da. Espezie hauek Ipar hemisferioan kokatzen dira, klima hotz eta epeletan. Horrez gain, Salix izen generikoa, zeltikozko "sal" (hurbil) eta "lis" (ura) hitzetatik omen dator, gune hezeetan hazteko joera baitu. Salix generoak sahats edo zume izen arrunta hartzen du.